XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) viven intensamente en un presente que guarda el equilibrio u homeóstasis desprendiéndose de los recuerdos que ya no tienen pertenencia actual (Walter J Ong, 1987, 52).

Jakina denez, ahozko testuak (adierazpen-kontrajarpena erabiltea zilegi bazait) bizirik daude, aldakorrak dira, edo gehiago esanez, aldakortasunean dute bizitza.

Ahozko testuak egitura zabalduak dira, errepikatzen direnean, edozein balada kantatzen denean, edozein txiste kontatzen denean zerbait gorde egiten da eta beste zerbait aldatu egiten da.

Hitz teknikoekin esateko, makroegitura gordetzen den artean, mikroegitura aldatu egiten da.

Narrazioaren bizkar hezurra berdina izaten den artean, hitzak, formulak, aldakorrak gertatzen dira.

Eta aldakorrak dira, testua eta bizitzaren artean lotura estua delako.

Eman dezagun, balada batetan, Brodatzen ari nintzenen ezpata hitza erabili dela, baina suposa dezagun giro arruntagoetan zabaltzen dela balada, hau da ezpatarik erabiltzen ez duten gizarteetan, eta orduan aldatu egiten da hitza, eta neska gazte galantak bere burua hilteko tijeratxuak erabiliko ditu, eta ez ezpata.

Giroak bultzatua, zentzurik ez zuen hitza desagertzen da eta eguneroko bizitzan, balada hori gordetzen dutenen eguneroko bizitzan agertzen den tresna aipatzen da baladan.

Tresnaren funtzioa ez da aldatu, baina tresna bera bai.

Hauxe dugu bada, oreka.

Baina nola gerta liteke hori definizioan diogunean homeostasia letrarik gabeko gizarteetan gertatzen dela eta pastorala idatzita ematen denean?

Nola defendatu pastoralean oreka dagoela idazten dakitenen, eta gaia irakurriz hartu dutenen artean genero denean?

Pastoralaren kasuan, oreka hori ez da gordetzen pastoral baten testuari lotzen bagatzaizkio.

Esan da gainera, delako pastoral baten testuak oso tradizionalizazio eskasa izan duela.

Honek esan nahi du Edipa ez zuela publikoak buruz ikasi eta bere etxeetan kantatu, ez zuela berea egin, ez zela aldakuntzen bizitza horretan sartu, idatziz mantendu zela, hibernatua, bere bizitza.

Baina hala ere, pastoral jakin bat kontutan hartu beharrean, pastoral baten gaia hartuz gero, gure azterketako Clovis hartuz gero, konturatuko gara pastoral honen gaiak, pastoral honek, ezagutu zituela aldakiak, pastoralegileen artean bizitza bat ezagutu zuela ikusiko dugu, pastoralaren gaia aldaketetan bizi zela jakingo dugu.

Clovisen kasuan, oreka bat gertatu zela uler dezakegu.

Clovisen lehendabiziko aldakia XVI. mendekoa dugu (...)